Intzako lurroldea
Gezurrezko "sorgin" errugabeen aurkako auzi gaiztoa jasan (1610), eta handik ehun urtera, hondamendi ikaragarria jasan zuen Intzako herriak. Izan ere, 1714ko abenduan, naturaren berezko indarrez, mendia barrutik lehertu bezala egin zen Aitzautsieta aldean, barrunbean ezkutuan zeukan ur pilaketaren indarrez, eta lokatza eta harriak maldan behera bota eta bota hasi zen, etengabe, hiruzpalau hilabetez, astiro baina etengabe,1715eko udaberri arte.
Milioi erdiren bat metro kubiko lokatz heldu zen herriaren gainera, kilometro eta erdiko luzeko lokatz pila izugarria, astiro baina etengabe bidean harrapatzen zuen guztia bota edota estaliz. Hiruzpalau hilabete lazgarri haietan, azkenerako, herriko 68 etxeetatik 38 (eliza barne) hondatu eta galdu ziren. Ikaragarrizko hondamendia!